Txostenaren aurkezpena
1. Metodologia
1.1. Norberaren autonomiari eta mendetasunari buruz Estatu, autonomia eta foru esparruetan indarrean dagoen lege gorputzaren eta zenbait agiri espezializaturen azterketa
5.14. Pertsona horiei eman beharreko arretan zenbait alderdi hobetzeko beharra
5.14.1. 40 urte baino gutxiagoko pertsona batek, mendekotasun-egoeran zegoenak eta urritasun fisikoa zuenak, bizitegi-plaza bat eskatu zuen zentro batean, non urritasun bera zuen bere arreba zegoen. Beste zentro batean, duela gutxi irekitakoan, esleitu zitzaion plaza, adinekoentzako egoitza batean txertatua zegoenean. Zentroan sartu eta gero, haren egoerarentzat eta gogo-aldartearentzat desegokia zela pentsatu zuen, eta hurrengo egunean, alta eskatu zuen. Arrazoi nagusia izan zen inguruko pertsonek beste kidetasun eta interes batzuk zituztela, eta askok arazo kognitiboak zituztela. Horrek guztiak zailtasun handiak eragiten zizkion bere gizarte-harremanetan eta zentroan integratzeko garaian. Aldundiak alta hori plazaren ukotzat hartu zuen, eta beste plaza bat lortzeko bi urteko zigorra aplikatu zion (ekainaren 7ko 96/2005 Dekretuaren 2.6. artikulua aplikatuz).
Gai hori planteatu genion foru-erakundeari, interesdunak emandako arrazoiak zentzuzkoak zirela ikusaraziz, eta ohartaraziz komenigarria zela ahizparen ondoan egotea. Azkenean, Bizkaiko Foru Aldundiak agindu hori aldatu zuen, zigorraldia bi urtetik sei hilabetera murriztuz (118/2009 Foru Dekretua, uztailaren 28koa), eta horrek mesede egin zion kaltetutako pertsonari.
5.14.2. Basurtoko Ospitaleko pediatria-neonatologiako medikuek bere zalantzak helarazi zizkigun Jaioberrien Unitateak goizegi eta pisu gutxirekin jaiotako haurren eta/edo urritasun bat izateko arriskua zuten haurtxoen familiei ematea komeniko litzatekeen jarraibideei buruz.
Zalantzarik gabe, gizarte- eta osasun-zerbitzuen arteko koordinazioaren ustezko kasu argi baten aurrean gaude, ezinbestekoa dela kaltetutako haurtxoei eta haien familiei arreta oso bat emateko.
Bizkaiko Foru Aldundian gai horretan jarduten diren langileekin harremanetan jarri ginen eta mezu argi bat transmititu ziguten: haurtxo horiek baloratzen ari dira eta beren mendekotasun-egoeraren aitorpena eskuratzen ari dira; kasu askotan, prestazio ekonomiko bat eta arreta goiztiarreko zerbitzuak arautzen ari dira. Komenigarria iruditu zitzaigun foru-erakundearen eta Basurtoko Ospitalearen artean ezinbestean harremana egon beharko zukeela. Ziur badakigu 2010eko otsailean bilera bat egin zela (Basurtoko Ospitalea, Pediatria Neonatologia Gizarte Ekintza Sailarekin, Gaigabeziarekin, Bizkaiko Foru Aldundiko Bizkaia Oinarrizko Zentroarekin), eta topaketa horren ondorioz, gizarte- eta osasun-jarduketako prozedura bat abian jarri dela Basurtoko Ospitalean, Neonatologiako, Pediatriako eta Gizarte Laneko atalen partaidetzarekin, gaixoen eta osasun- eta gizarte-sistemaren artean komunikazioa errazteko.
5.14.3. Arartekoak ofiziozko espediente batean esku hartzeagatik, Arabako Foru Aldundiak zentro bateko (bizitegikoa edo egunekoa) erabiltzaile bati beste zentro batera lekualdatzeko eskatzen zitzaion betekizun bat kendu zitzaion. Betekizun horrek ezartzen zuen beharrezkoa zela jatorrizko zentroan egokitzapen-aldi bat betetzea, hasieran 6 hilabetekoa[84] zena, eta ondoren 3 hilabetera[85] murriztu zena. Arartekoaren ustez, ez zen betekizun hori eskatu behar, batez ere lekualdatzeko arrazoia erabiltzailea bere familia- eta gizarte-ingurunera gerturatzea zenean, eta batez ere, lekualdaketa horrek udalerriz aldatzea eragiten bazuen.
Azkenik, Arabako Foru Aldundiak 85/2008 Foru Dekretua, irailaren 16koa[86], egun indarrean dagoena, onartu zuen. Foru Dekretu horrek betekizun hori kentzen du eta lekualdatzeko arrazoi hauek ezartzen ditu:
– familiaren etxera gerturatzea;
– eskatutako zentroa egokiagoa izatea, erabiltzailearen beharrei dagokienez.
– eskaera behar bezala arrazoitzen duen beste edozein arrazoi pertsonal eta/edo familiako arrazoi.
Hala, pertsona batek zentroz aldatzea eskatzen badu, familia-baldintzak eta baldintza pertsonalak kontuan izango dira, eta bere ingurune naturaletik gertu dagoen plaza bat esleitu ahal izango zaio, jatorrizko zentroan zenbat denbora daraman kontuan izan gabe, foru-erakundeari helarazi genion iradokizunarekin bat.